Pinupe ere Kukutzaren Alde!!!

 

Espero bezala, gauez sartuta eta indarkeria erabilita hustu zuen atzo Ertzaintzak Kukutza. Sekulako baliabide erakusketa eginda ere, sei ordu behar izan zituzten Bilboko gaztetxean erresistentzian zeuden 50 lagunak ateratzeko.


Espero bezala, gauez sartuta eta indarkeria erabilita hustu zuen atzo Ertzaintzak Kukutza. Sekulako baliabide erakusketa eginda ere, sei ordu behar izan zituzten Bilboko gaztetxean erresistentzian zeuden 50 lagunak ateratzeko. Baina, barruan ez ezik, kanpoan ere bortxakeriaz baliatu ziren ertzainak protesta egitera hurbildu zirenak uxatzeko. Goiz osoan auzoa ia setio egoeran eduki ostean, zaurituak «dozenaka» izan ziren, eta atxilotuak 31. Auzokideen eta gazteen borrokak, baina, emaitza izan zuen: eraikina botatzeko agindua bertan behera utzi zuen Bilboko epaitegiak.

Goizaldeko bostetan bete zen Kukutzakoek azken asteotan buruan izan duten amesgaiztoa. Gaztetxearen inguruak hartu zituen Ertzaintzak, tartean Berrozi talde bereziko agenteak ere bazirela. Eraikinaren barruan zeudenek, sabaira atera, eta alarma jo zuten; hala, sirena hotsek esnarazi zituzten Errekalde eta Bilbo. Erresistentziaren gordinena hastear zen.

Garabia erabilita, teilatutik sartzen saiatu ziren lehendabizi ertzainak, baina ezin; tanke arin batez alboko atea txikituz sartu ziren gaztetxera. Bitartean, erantzun azkarra izan zuen Kukutzara hurbiltzeko deialdiak: 06:00etarako 200 lagun inguru zeuden Gordoniz kalean, eraikinetik ehun bat metrora, gaztetxearen aldekoak oihukatzen, eta beste hainbat bizilagun zeuden etxeko leihora aterata, lapikoak eskuan, zarata egiten.

Baina Ertzaintzaren presentzia itogarria zen ordurako: Kukutza eraikinaren inguruan soilik hamar furgoneta zeuden, eta gaztetxearen inguruko kaleak hartuta eta itxita zeuzkaten. Ertzainek jarritako hesia zeharkatzen zuen oro susmagarria zen, eta tentsio une ugari bizi izan ziren, protestan zeudenei oldartu zitzaizkien arte.

Lehenengo kargaren ondoren, nekaezin jarraitu zuten Kukutzaren aldekoek zarata eta oihu egiten, ertzainen hesia gaztetxetik urrunago egonda ere. 07:00etan heldu zen bigarren oldarraldia, eta handik aurrera auzoko kaleetan barreiatu ziren ekintzaileak.

Bigarren solairura heldu berritan zeuden ertzainak. Koblakari Bizkaiko malabaristen egoitza dago bertan, eta han zegoen gaueko txandako taldeetako bat, 24 lagunek osatua. Alde egiten utzi zieten, kargurik gabe. Kukutzako asanbladak salatu zuenez, ordea, ertzainak gasa jaurtiz sartu ziren Koblakarin, eta pertsona batek zauri larriak zituen, aurpegian pilotakada bat jasota. «Beldurra pasatu dugu», azaldu zuen bertan egondako batek; «Ez gaituzte ondo tratatu, eta presioak jasan ditugu goian zeudenen izenak eta nola igo aitortzeko».

Izan ere, beste 23 pertsonak osatzen zuten gaueko txanda. Laugarren solairuan zeuden, etxean, azken lau hilabeteotan bereziki prestatutako gunean. Ateak blindatuta zeuzkaten, eta bunker txikiak sortuta. Halere, sabaian zuloa eginez sartu zen Ertzaintza bigarren solairutik hirugarrenera.

Orduan, 07:30ean hasi zen martxan jartzen auzoaren egunerokoa. Ertzaintzak, ordea, oldartzen segitu zuen; plaza inguruan gertatu ziren eraso arriskutsuenak 08:00ak aldera, haurrak eskolara sartzen ari zirela oldartu baitzitzaizkien. Lantokira zihoazen edota etxera sartu nahi zuten herritarrek ere ez zuten auzotik askatasunez mugitzerik izan.

«Neurriz kanpoko indarkeria»

Hain justu, Ertzaintzaren jarduna «basati» eta «neurriz kanpokotzat» jo zuen Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Bilduko zinegotziak: «Hau da herri honetako gordinkeria. Dei bat egin nahi diegu hemen ardura duten guztiei: erantzunkizunez joka dezatela». Kazetariengana heltzeko oztopoak jarri zizkieten ertzainek zinegotziei. «Bilbotar moduan aspaldi ez dugu hainbeste lotsa pasatu», erantsi zuen Aralarreko Iosu Murgiak; «Batzuk barruan daude erresistitzen, bake bideak erabiliz, eta beste batzuek errepresio bidez hartu dute auzoa».

Kargudun publiko gehiago ere heldu zen gaztetxearen ingurura; erakundeen ordezkari gisa Kukutzaren hustearen lekuko izan nahi zuten: «Uste dugulako ez direla betetzen ari auzokideen eta barruan daudenen eskubideak». Ezezko erantzuna jaso zuten. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarekin hitz egiten ere saiatu ziren, baina ez zien telefonoa hartu.

Kukutzako asanbladak ere salatu zuen Ertzaintzaren bortizkeria. 10:00etarako deitutako prentsaurrekoa hogei minutuz atzeratu zen, istiluek auzoan eragindako ezegonkortasunagatik. Agerraldian, baina, indarkeriaren adierazle, borra apurtu bat eraman zuten. «Ez dugu onartuko sarraski honen egileak zigorrik gabe geratzea. Non dago instituzioek hainbeste sustatzen duten bakea, komunikazioa eta demokrazia?».

Kukutzatik heldutako abisuak moztu zuen prentsaurrea: ertzainak etxebizitzara sartzear zeuden. Ordurako teilatuan zeuden gazteak, Kukutza ikutu bez! lelodun pankartaren atzean. 11:00etarako minutu batzuk falta zirenean agertu ziren ertzainak sabaian. Erresistentzian zeuden 23 pertsonak etxe barrura sarrarazi, eta ordubete ingurura polizia etxera eraman zituzten. Usurpatzea, autoritatearen aurkako atentatua eta erresistentzia egotzita atxilotuta zeuden gaztetxe barruan. Beste zortzi lagun atzeman zituen Ertzaintzak, desordena publikoa leporatuta. Dilijentziak egin ahala, aske geratu ziren denak atzo arratsean.

Eraispenaz erabakia, gaur

Baina atzoko garaipena Kukutza hustu ostean iritsi zen. Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegian eraikina botatzeko agindua bertan behera uzteko eskaera aurkeztua zuen Errekaldeberriz auzo elkarteak goizean, eta epaileak onartu egin zuen eguerdian: «Gaur [atzo] ez dute ukituko». Erabaki judizial hori betetzerakoan Ertzaintzak izandako jokabideari buruzko ikerketa abiatuko du EAEko arartekoak.

Epaileak bihar ebatziko du eraikina botatzeko aginduarekin aurrera jarraitu ala auzo elkarteak aurkeztutako helegiteak kontuan hartu. Erabakia heldu bitartean, gazteak Kukutzara berriz sar ez daitezen, eraikina hesi hormaz itxi zuen Ertzaintzak atzo.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

WordPress.com.

Subir ↑

A %d blogueros les gusta esto: