Ibarrako Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteak Eneko Aritza (Orreagako Guda) laburmetraia aurkeztuko digu Lizarrako Julian Romano musika eskolan (autobus geltokian) otsailaren 9 honetan, asteartearekin. 20:00etan hasiko da emanaldia eta horrekin batera kultur elkarte horren kideek proiektuaren nondik norakoak azalduko dizkigute .
Iazko urriaren 9an Ibarra eta Lizarra herriak senidetu zirenean Lizarrako eta Ibarrako hainbat elkarte ere haien artean senidetu ziren, urtean zehar elkarrekin gauzak antolatzeko helburuarekin. Haietako bi elkarte ziren Lizarrako euskaltegia eta Ibarrako Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkartea. Elkarreragin horretatik sortu zen Lizarran astearte honetan eskainiko den emanaldia. Baina, nondik atera da Eneko Aritza (Orreagako Guda) laburmetraia?
Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkartekoek azalduko digute hau hobekien:
2002. urteko abenduan, Urruñan (iparraldean) elkarturik ginen Algorta, Ibarra eta Tolosaldeako hainbat gazte laburmetrai ziztrin bat egiteko ideia sortu zenean.
Hasiera batean, gure artean ondo pasatzeko eta beste egun batean berriro elkartuz barre batzuk egiteko helburua besterik ez genuen. Egia esan, gutariko inork ez zuen ezagutzen mundu hau, eta gure eskuetan bideokamera zahar bat bakarrik genuen. Hala ere, segituan irten zen gidoia (Eneko Aritza Orreagako Guda) eta jolas bezala hasi zena, ehunka lagunen proiektu bihurtu zen, guztion artean gauzak lortzen joan ginelarik; bideokamera digitalak, jantziak, eta denen gainetik jendearen ilusioa.
Laburmetraiarekin ez omen zuten nahikorik izan eta luzemetrai batean sartuta aurkitzen dira egun. Astearteko saioan proiektu honen egungo egoeraz galdetzeko parada izanen dugu eta ea hurrengo batean luzemetraia ikusteko elkartzen garen!
___________________________________________________
este proximo martes 9 de febrero, la sociedad cultural de ibarra » Eneko Aritzaren lagunak» presentaran el cortometraje «eneko aritza (orreagako guda)» en la escuela de musica de julian romano a las 20:00.
esperamos que participes y acudas al cortometraje.